2019-05-02

AUTOAK ARINTZEKO AZKEN AURRERAPENAK EZTABAIDA-GAI IZANGO DIRA GASTEIZKO ESAFORM KONGRESUAN

- Fagor Arrasatek automoziorako material eta prozesu berrietan duen ezagutza erakutsiko du.

Autoak arintzeko gero eta behar handiagoa dago. Alde batetik, motor tradizionalek emisioak gutxitu behar dituztelako eta bestetik auto elektrikoek baterien pisua konpentsatu beharra daukatelako. Eta horrek, nahitaez, material eta prozesu berriak garatu beharra ekarri du.


Erronka horri aurre egiteko, Europako Konformatze-prozesuen Elkarteak ESAFORM 2019 kongresua egingo du (22. edizioa). Gasteizen izango da maiatzaren 8tik 10era bitartean, zehazki, Europa Jauregian. Eta bertan, materialen konformaziorako azken teknologia eta lorpenak izango dituzte hizketa-gai.


Material mota desberdinak konformatzearekin lotutako diziplinak jorratuko dira, hala nola, metalak, polimeroak, zeramika, konpositeak eta horien konformatze prozesuak, bai tradizionalak eta bai berritzaileak. Topaketa Mondragon Unibertsitateak antolatu du Fagor Arrasatek babestuta, eta mundu guztiko aditu akademiko eta industrialak bilduko dira.


Fagor Arrasateko Automobileko dibisioko Berrikuntza arduradunak, Andoitz Aranburuk, osoko hitzaldi bat eskainiko du ESAFORMen. Mintzaldi horretan, gaur egun automobileko industriak zer material berriren alde egiten duen azalduko du, hala nola, altzairu desberdinak, aluminioak eta konpositeak; eta pieza horiek ekoizteko instalazio industrialak ere aipatuko ditu.


Beroketa globalak eta kontzientzia ekologikoak eraginda, hainbat erakundek legeak jarri dituzte CO2 emisioak murrizteko. Eta ezinbestean, lege hauek automobileko industrian zuzenki eragin dute, gasen emisiorako baldintza batzuk bete behar dituztelako derrigorrez. Eskakizun horiek betetzeko, automobilen ekoizleak motorren efikazia lantzen eta automobila arintzeko moduak aztertzen ari dira. Bigarren honek gainera, auto elektrikoen kasuan oraindik garrantzia handiagoa du, bateriek autoari pisua eransten baitiote.


Hori horrela izanik, Fagor Arrasateko adituaren hitzaldia, bultzatzen ari diren arintze-estrategia desberdinen ingurukoa izango da, bai autoaren egiturari (body in White-BIW) eta bai txasisari dagokionean. Horretarako, automobileko ekoizleak zer material berritan inbertitzen ari diren azalduko du (altzairu desberdinak, aluminioak edo konpositeak) eta pieza horientzat erabiltzen diren edo etorkizunean erabiliko diren instalazio industrialak ere aipatuko ditu. Hain zuzen, prentsa lerroak, transfer prentsak, altzairu eta aluminioaren beroko estanpazioa eta konpositeen konformazioa bezalako teknologiak. Eta prozesu horietan guztietan Fagor Arrasate aditua da.


Hitzaldiaz gain, Fagor Arrasateko ikertzaileek eta Mondragon Unibertsitateko adituek mintzaldi bat eskainiko dute non material arinek automobilaren industrian duten potentzialean sakonduko duten.
Bertan, gogortasun altuko altzairu batzuk eta aluminiozko aleazioek autoen sabaien errefortzurako eskaintzen dituzten aukerei buruz hitz egingo dute.


Prentsak, estanpazio sistemak, xafla metalikoak prozesatzeko eta ebakitzeko lineak diseinatzen eta ekoizten 62 urteko esperientzia duen enpresa izanik, Fagor Arrasate bere sektorean mundu mailako liderretako bat da. 8 lantegi ditu munduan zehar eta hainbat nazioarteko delegazio komertzial.