2024-02-28

FAGOR ARRASATEk eta KONIKERek lankidetza indartu dute IKERLANekin, beren produkzio-prozesuan teknologia adimendunak garatzeko eta ezartzeko

Fagor Arrasate event: FAGOR ARRASATEk eta KONIKERek lankidetza indartu dute IKERLANekin, beren produkzio-prozesuan teknologia adimendunak garatzeko eta ezartzeko
  • Lankidetzak teknologiaren garapena indartuko du fabrika adimendunaren, egiturazko fidagarritasunaren eta zibersegurtasunaren arloetan.
  • Hiru erakundeen arteko aliantzak euskararen erabilera bultzatuko du lankidetzari lotutako ingurune guztietan.

FAGOR ARRASATEk eta KONIKERek lankidetza teknologikorako hitzarmena berritu dute IKERLAN zentro teknologikoarekin, puntako teknologien garapenean eta aplikazioan sakontzen jarraitzeko fabrika adimendunaren (biki digitalak eta mantentze prediktiboa), fidagarritasun estrukturalaren eta zibersegurtasunaren arloetan.

FAGOR ARRASATEko zuzendari nagusi Unai Lopezek, KONIKEReko presidente Andoitz Aranburuk eta IKERLANeko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur FAGOR ARRASATEren Arrasateko egoitzan. Akordioak, datozen hiru urteetarako, duela 50 urtetik duten aliantza estua sendotzen du; izan ere, FAGOR ARRASATE IKERLANen bazkide erabiltzaileetako bat da 1974an zentro teknologikoa sortu zenetik.

Lankidetza teknologiko hori FAGOR ARRASATEk eta KONIKERek zentro teknologikoekin eta unibertsitateekin duten lankidetzaren adierazle argia da, alde batetik, etorkizuneko industriarako balio handiko irtenbideak garatzeko eta, bestetik, FAGOR ARRASATEk digitalizazioaren eta fabrikazio adimendunaren esparruan duen posizionamendu teknologikoa indartzeko, azken horretan erreferentziazko enpresetako bat baita.

Azken urteotan, FAGOR ARRASATE, KONIKER eta IKERLANen arteko lankidetzak oso emaitza garrantzitsuak eman ditu, batez ere FAGOR ARRASATEren produktu eta prozesu industrialen eraldaketa digitalean. Horien artean, nabarmentzekoa da biki digitalak garatu direla estanpazio- eta toleste-prozesuetarako, prozesuaren parametroak iragartzeko eta instalazioen produktibitatea eta malgutasuna optimizatzeko, eta, bestetik, mantentze-lan prediktiboko algoritmoak garatu direla, instalazioen erabilgarritasuna handitzeko eta makinen mantentze-lanak eta ekoizpenaren kalitatea optimizatzeko, horiek funtsezko prozesuak baitira automobilgintzaren sektoreetan, esaterako.

Lankidetza-esparruak

FAGOR ARRASATEk eta KONIKERek IKERLANek duten esperientzia zabala izango dute oinarri akordio berriak jasotzen dituen lan-arloei lotutako abangoardiako teknologien garapenean, orain arte egindako garapenetan aurrera egiteko eta sakontzeko: biki digitalak eta mantentze prediktiboa fabrika adimendunaren sistemen barruan, egituren fidagarritasuna eta zibersegurtasuna. IKERLANen gaitasun multiteknologikoari eta profesionalen espezializazio-maila handiari esker, zentro teknologikoak industria adimendunaren erronkak konpondu ditzake. Horrez gain, IKERLANek kualifikazio handiko langileak erakarri, prestatu eta industriara transferitzen ditu.
Fidagarritasun mekanikoaren ildoari dagokionez, hiru erakundeek diseinuaren eta osagai kritikoen fidagarritasun estrukturalaren arloan lanean jarraituko dute. Zehazki, fabrikazio- eta muntaketa-kostuak murrizteko diseinu mekaniko aurreratuak ikertzen jarraituko dute. Osagaien fidagarritasun estrukturala ere aztertuko da modelatze-soluzio aurreratuen eta konponketa-teknologien bidez, makinen erabilgarritasuna eta balio-bizitza areagotzeko.

Esparru horretan, IKERLANek beharrezko baliabideak ditu osagaien eta industria-sistemen osotasun estrukturala ziurtatzeko bere bizi-ziklo osoan. Probabilitate-diseinuko metodoak eta egiturazko fidagarritasuna ebaluatzeko ereduak garatzen ditu. Metodo horiek prototipo birtual gisa edo denboran egokitzeko biki digital gisa erabil daitezke, eta Mech Lab du. Laborategi aurreratu horrek aukera ematen dio probak eta analisiak egiteko, egitura fisikoen, osagai industrialen eta sistema mekanikoen osotasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna ebaluatzeko.

Azkenik, zibersegurtasun industriala FAGOR ARRASATEren lehentasunezko lan-arloetako bat da, bere makinen konektibitate-maila gero eta sakonagotik eratorria. Hori dela eta, FAGOR ARRASATEk Europako hainbat proiektutan parte hartzen du duela urte batzuetatik. Proiektu horien helburua da IKT azpiegitura konplexuak babestu eta zibererasoei aurre egiteko irtenbide berritzaileak garatzea.

Eremu horretan, IKERLANen TEIC – Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak – espezializazio-lerroak espezializazio handiko 50 pertsonako lantaldea du, enpresekin lankidetza estuan lan egiten duena, beren produktu eta zerbitzuei behar duten zibersegurtasuna emateko, bai sistema elektronikoei dagokienez, bai plataforma digitalei dagokienez. IKERLANek, gainera, DIGILAB IKERLANen parte diren azken belaunaldiko instalazioak ditu. Estatuko teknologia digitalen laborategirik aurreratuena da, eta 2022ko urrian inauguratu zen.

Unai López FAGOR ARRASATEko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “IKERLANekin dugun harreman historiko hau oso pozik sendotzen dugu. FAGOR ARRASATEk lehen mailako bazkide teknologikoak izan behar ditu nazioarteko merkaturik zorrotzenetan egon ahal izateko. Gure produktuak eta zerbitzuak proiektatzeko, talentutik, ezagutzatik eta IKERLAN bezalako zentroek garatutako teknologikoetatik edaten dugu, beraz, bi konpainien arteko akordio hau estrategikoa da “.

KONIKERetik, era berean, Andoitz Aranburu presidenteak nabarmendu duenez, “akordio honek bi enpresen interesa islatzen du, gero eta globalagoa den merkatu batean lehiakorrak izaten jarraitzeko giltzarria den diferentzial teknologiko bat sortzea ahalbidetuko duten garapen teknologikoetan laguntzen jarraitzeko”.

Bestalde, Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “oso harro gaude FAGOR ARRASATE eta KONIKERekin dugun harremana sendotzeaz. Konfiantzazko bidelagunak gara duela urte askotatik, eta badakigu gure gaitasunen batuketak espezializazioaren eta talentuaren arloan ditugun erronkei aurre egiteko aukera emango digula, bai eta soluzio teknologiko berriak sortzeko aukera ere, ekoizpen-prozesuei zein azken produktuari aplikatuak “.

Euskara bultzatzea

Lankidetza-hitzarmenak, gainera, euskara hiru erakundeetatik bultzatzeko konpromiso esplizitua jasotzen du. Hala, FAGOR ARRASATEk, KONIKERek eta IKERLANek euskara bultzatuko dute hiru erakundeen arteko lanerako komunikazio-hizkuntza izan dadin.