2021-09-30

FAGOR ARRASATEK ETA MONDRAGON UNIBERTSITATEAK BEREN ALIANTZA INDARTU DUTE FABRIKAZIO ADIMENDUNA ETA INDUSTRIA 4.0 BULTZATZEKO

Enpresak eta unibertsitateak industriaren eraldaketa digitalerako ahaleginak batu dituzte

Fagor Arrasate event: FAGOR ARRASATEK ETA MONDRAGON UNIBERTSITATEAK BEREN ALIANTZA INDARTU DUTE FABRIKAZIO ADIMENDUNA ETA INDUSTRIA 4.0 BULTZATZEKO

Fagor Arrasatek eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MU-EPS) lankidetza hitzarmena berritu dute, xafla estanpatzeko, prozesatzeko eta ebakitzeko sistemen fabrikazio adimendunerako teknologien garapena bultzatzeko.

Konformatzeko eta ebakitzeko lineen diseinuan munduko enpresa espezialista denarekin  hamarkada batez lankidetza arrakastatsua izan ondoren, haren Koniker I+G Unitatearen eta euskal unibertsitatearen artean hitzarmen berri bat sinatu dute ahaleginak batzeko, elkarren artean ikerketa-proiektuak egin eta ezagutzak trukatzeko. Lankidetzak altzairuzko xafla, aluminioa eta material konposatuak eraldatzeko sistema adimendunak garatzea bultzatuko du, urruneko gainbegiratze-zerbitzuak barne dituelarik. Zehazki, Fagor Arrasate espezialista den teknologia nagusiak landuko dituzte, hala nola, automobilgintza eta siderurgiako sektoreetarako lauketa, tolestea, ebaketa, konformazioa, profilaketa, robotika eta automatizazioa.

Lankidetzak Industria 4.0ren garapena azpimarratuko du, urruneko ikuskapenerako eta datuak aztertzeko irtenbideekin. Era berean, sistema ziber-fisikoen inguruko ikerketa sustatuko da, Fagor Arrasateren produktuen eraginkortasuna, fidagarritasuna, sendotasuna, adimena, autonomia eta elkarreragin-prestazioak hobetzeko. Hori guztia, aplikazio eta sektore berrietarako metalak eraldatzeko teknologia eta prozesu aurreratuen garapena alde batera utzi gabe egingo da.

Garapen horiek Fagor Arrasatek eskaintzen dituen estanpazio eta prozesatze-sistemetan, ebaketa-lerroetan eta ekipo siderurgikoetan sartuko dira. “Horrela, gure produktuak gero eta teknologikoagoak izango dira eta, batez ere, mundu mailan lehiakorrak izaten jarraituko dute”, azpimarratu du Unai Lopez enpresako gerenteak.

Mundu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko aliantza horren arrakastaren gakoa ikerketarako ezagutza-transferentzia da, Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariaren hitzetan. “Gure ikertzaileek ikertzen dutena mundu errealera eramateko aukera ematen digu akordio honek, eta, gainera, goi mailako ikerketa egiteko aukera”, beraz, bi aldeentzako “oso aberasgarriak” diren emaitzak lortzen dira. Lankidetzak, langile kualifikatuak erakartzen ditu eta ikertzaileentzako prestakuntza-ekintzak ere barne hartzen ditu.

Enpresa eta erakunde akademikoaren arteko 10 urteko elkarlan arrakastatsuaren ostean, akordioa berritu egin dute, “Ikerketa proiektuak emaitzak ematen ari direlako”, David Chico Konikerreko zuzendariaren hitzetan. Hamarkada honetan 50 ikerketa-proiektu baino gehiago egin dira elkarrekin, horien artean 11 europar. Gainera, 4 tesi irakurri dira, beste 4 martxan daude, eta 20 paper-etik gora argitaratu dira nazioarteko kongresuetan eta JCR aldizkarietan. “Horrek ikerketa taldeak erabat lerrokatuta daudela erakusten du eta hitzarmen berri honekin etorkizuneko erronkei irtenbidea eman ahal izango diegu”, uste du Chicok.

Akordioak, elkarlanean euskararen erabilera bultzatzeko bi aldeen konpromisoa ere jasotzen du. Hori  horrela izanik, proiektuak garatzeko giza baliabideetan euskararen ezagutzaren bermea sustatuko da, hitzarmenean zehazten diren tesi eta karrera amaierako proiektuetan euskararen erabilera bultzatuz.

Fagor Arrasateri buruz

Fagor Arrasate munduko liderra da altzairuzko, aluminiozko eta herdoilgaitzezko konformaziorako neurriko soluzioen diseinuan eta fabrikazioan; eta prentsak, bobinak ebakitzeko eta prozesatzeko lerroak eta metalezko pieza konplexuak fabrikatzeko sistema osoak egiten ditu. Konpositeen konformazioan, beroko eta hotzeko forjaketa-sistemetan eta Press Hardeningen ere aditua da.

Globalki jarduten da, eta bezeroen artean OEM-ak, Tier-1-ak eta automobilgintza eta sektore aeroespazialeko zerbitzu-zentroak daude, baita forjaketa, siderurgia, etxetresna elektriko eta metalezko altzarien industrietako konpainiak ere.

60 urte baino gehiagoko esperientziarekin, Fagor Arrasatek 6 ekoizpen-planta, laguntza teknikoko 5 zerbitzu-zentro eta I+G+b zentro bat ditu, eta merkataritza-ordezkaritza ugari ere bai munduan zehar. Mondragon Corporationeko sortzailea da,  Europako industria talde handienetako batena hain zuzen, 80.000 profesional baino gehiago baititu.

Mondragon Unibertsitateari buruz

Mondragon Unibertsitateak prestakuntza, ikerketa eta transferentzia uztartzen ditu, bere jarduerak enpresen eta erakundeen posizio lehiakorra hobetzera bideratzeko, gizarte aurreratuago bat sortzen laguntzeko.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ingeniaritza arloko prestakuntza eta ikerketa ditu ardatz, eta lau campusetan dago (Arrasate, Ordizia, Hernani eta Bilbo). Goi Eskola Politeknikoa Fabrikazio aurreratuan, Adimen artifizialean, Robotikan eta Zibersegurtasunean espezializatuta dago, besteak beste.

Abangoardiako ekipamendu teknologiko batekin, unibertsitateak punta-puntako enpresa teknologikoen beharretara lerrokatzen du bere ikerketa-jarduera, eta enpresa horiek behar dituzten ingeniari-belaunaldi berrien harrobia osatzen du. Mondragon Unibertsitatea finantzaketa pribatuaren ehuneko handiena duen estatuko unibertsitateetako bat da, bere ikerketa eta transferentzia-jarduera osoa kontuan hartuta (U-Multirank).

Konikerri buruz

Koniker S. COOP. irabazi asmorik gabeko Zientzia eta teknologia-agentea da, onura publikokotzat deklaratua, eta espezializatua dago makineriarekin eta fabrikazio industrialeko prozesuekin lotutako teknologia berriak ikertu eta garatzen.

2002an sortu zenetik, bere helburua, berrikuntzaren eta manufaktura-industriaren berrikuntza eta eraldatze beharrei erantzutea da, enpresekin, teknologia-zentroekin eta unibertsitateekin koordinatuta.

Koniker MONDRAGON Korporazioko kooperatiba bat da, eta ikerketa, garapena eta berrikuntza jorratzen ditu konformazio eta mihiztadura arloan. Eusko Jaurlaritzak enpresako I+G Unitate gisa egiaztatua du eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratua dago.