2022-06-07

FAGOR ARRASATEK 102 MILIOI EUROKO BALIOA DUTEN PROIEKTUAK LORTU DITU 2022KO LEHEN LAUHILEKOAN

Merkatuaren jarduerak pultsua berreskuratu du 2021eko bigarren seihilekoan eta 2022ko lehen lauhilekoan, eta ia pandemia aurreko mailan dago.

Fagor Arrasate event: FAGOR ARRASATEK 102 MILIOI EUROKO BALIOA DUTEN PROIEKTUAK LORTU DITU 2022KO LEHEN LAUHILEKOAN

Fagor Arrasatek kontratazio-erritmo bikainarekin ekin dio 2022ari jarduten duen sektore guztietan, eta 26 proiektu berri esleitzea lortu du urteko lehen lauhilekoan, 102 milioi euroko balioarekin.

2022rako aurreikuspenak

Unai Lopez Moñux, Fagor Arrasateko zuzendari nagusia
Unai Lopez Moñux, Fagor Arrasateko zuzendari nagusia

Unai López Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusiaren arabera, ”2022. urtea 2021a baino aurreikuspen hobeekin hasi zen, baina ziurgabetasunekin, susperraldi globalerako arriskuak areagotu egin zirelako, eta egia esan, jada aurreikusten da espero baino ahulagoa izatea susperraldi hori eta herrialdeen arteko dibergentziak handiak izatea”.

Hala, murrizketen inpaktu sakonak ekonomia batzuetan izan duen kalteei (beren produkzio-sarearen arabera) inflazio handi baten inpaktu aurreikusgarria gehitu behar zaio. Halaber, zenbait ekonomia berreskuratzea arriskuan jartzen du, batez ere murrizketa ondoko gertaera puntuala izan ordez denboran luzatzen bada, horrek lehengaien eta energiaren kostuan eta soldaten bidezko atzeraelikaduran duen eraginagatik.

Nolanahi ere, “2021ean hasitako ibilbidea sendotzea espero dugu Fagor Arrasaten. Horrela, 2022ko ekitaldirako, eskaera berrien bolumena % 20 inguru handitzea aurreikusten dugu, 190 milioi eurotik gorako zifra lortzeko”, ondorioztatu du Unai López Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusiak.

Jarduera berreskuratzea

2020an pandemiak eragin handia izan zuen Fagor Arrasatek jarduten duen sektoreetako inbertsio-jardueran, eta esleipen-prozesuak moteldu egin zituen, batez ere automobilaren sektorean. Horren ondoren, fabrikatzaile gipuzkoarrak ilusioz beteriko ekitaldia itxi zuen 2021ean, 160 milioi euroko kaptazioekin – 2020koa baino % 70 handiagoa eta ekitaldirako aurreikuspena baino % 8,5 handiagoa –, eta ia pandemia aurreko mailetan.

2021eko ekitaldiko salmenten zifra 126 milioi eurokoa izan zen, 2020ko kaptazio-maila izugarri baxuak oraindik eragiten zion eta, 8,2 milioi euroko EBITDA batekin.

Eskualdeka, 2021ean, NAFTA eremu geografikoaren portaera nabarmentzen da, kaptazioen heren bat bertatik datorrelako. Aipagarria da, halaber, Turkiaren jokabidea, automobilgintzaren sektoreko fabrikatzaileen eta hornitzaileen ekoizpen-jarduera garrantzitsua kontzentratzen ari baita herrialde horretan, eta Fagor Arrasatek kontratu garrantzitsuak lortu baititu herrialdean duen presentzia sendotuz. Balantzaren beste muturrean, Alemaniako merkatuak inbertsio maila baxua mantendu du.

Jarduera-eremuen arabera, Siderurgiako negozio-unitateari dagokionez, mesede egin dio 2021ean lehengaien prezioen gorakadak unitate horri, eta horren ondorioz, altzairuaren eta aluminioaren balio-kateko bezeroen inbertsio-gosea suspertu da.

Automobilaren negozio-unitatean inbertsio-ekimenak ere berpiztu egin dira sektorearen elektrifikazioak bultzatuta, eta premia (adibidez, material arinak) eta aplikazio berriak (adibidez, bateriak eta deribatuak) sortu dira, non Fagor Arrasatek puntako irtenbideak eskaintzen dituen. Ildo horretan, nabarmendu behar da konpositeak prozesatzeko eta konformatzeko instalazioak Fagor Arrasateren kaptazio berrien % 10 inguru direla dagoeneko.

Etxetresna elektrikoen negozio-unitatearen portaera oso modu positiboan nabarmentzen da, sektoreak maila globalean duen eskari handiak bultzatuta, COVID-19tik eratorria. Hori horrela izanik, negozio-unitateak etekin bikaina izan du, 2020ko ekitaldiarekiko kaptazioak berreskuratuz eta 2021eko Gestio Planaren aurreikuspenak eta pandemiaren aurreko urteetako kaptazioak hobetuz.